Publicado por Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco el Miércoles, 29 Noviembre 2017

25 euskal enpresak publikoki adierazi dute klima-aldaketaren aurka duten konpromisoa, #PorElClima Komunitatea ekimenaren bidez, gaur goizean Gasteizen egin den eta Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen aitorpen-ekitaldian. Ekitaldi horretara ehun pertsona inguru bertaratu dira, hala nola enpresen ordezkariak, administrazio publikoen ordezkariak, zentro teknologikoen ordezkariak eta ACLIMA klusterrean biltzen diren ingurumen-sektoreko enpresak.

Ekitaldi horretan Eusko Jaurlaritzak aipatutako ekimenarekin bat egin duela egiaztatzen duen diploma eman dio Iñigo Urkullu lehendakariari Ecodeseko zuzendari Victor Viñualesek. Atxikimendu hori iragan iraileko Gobernu-kontseiluan formalizatu zen.

Ekitaldia Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren hitzaldi batekin hasi da. Sailburuak aukera baliatu du berriki egin den Bonngo klimari buruzko biltzarrean Eusko Jaurlaritza egon zela adierazteko; halaber, honakoa gaineratu du: «Bonnen Parisko akordioekiko gure konpromisoa berretsi dugu, eta adierazi dugu Euskadin dagoeneko lortu dugula berotegi-efektuko gasak % 24 murriztea, 2005. urtetik».

Ingurumeneko sailburuak aurreratu du berak zuzendutako sailak datorren ekitaldian zer lan egingo dituen klima-aldaketari dagokionez. «Ezagutzaren sorrera eta klima-aldaketara egokitzeko proiektuak babesten jarraituko dugu. KLIMATEK laguntza-deialdiak lortutako emaitzek adierazten digute ildo horretatik jarraitu behar dugula. Era berean, klima-aldaketarekin lotutako murrizketa- eta xurgapen-ekimen boluntarioen erregistroa abiaraziko dugu. Ekimen hori modu koordinatuan garatuko dugu Ingurumen Ministerioarekin; hartara, euskal erregistroan sartzen diren ekimenak zuzenean integratuko dira Estatuko erregistroan», azaldu du.

Arriolak nabarmendu du Euskadi autonomia-erkidegoen esparruan hartzen ari den lidergoa klima-aldaketaren gaiari dagokionez. Sailburuaren esanetan «Eusko Jaurlaritzako sail eta sozietate publiko guztien apustu transbertsala da, eta haien plan eta programa garrantzitsuenetan islatzen da».

#PorElClima Komunitatea egitasmoa Plataforma Española de Acción Climática plataformak sustatutako ekimena da, zeinari dagoeneko 2.680 pertsona eta erakunde atxiki zaizkion. Ekimen horren bidez, kooperazio publiko eta pribatuko esparru bat proposatzen da Parisen egindako akordioak betetzeko. Horretarako, enpresen estrategia klimatikoek bat egin behar dute gobernuak garatzen dituen ekimenekin, eta haietan parte hartu. Plataformak partaide hauek ditu: Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoa, Espainiako Hazkunde Berderako Taldea, Mundu Itunaren Espainiako Sarea eta ECODES (#PorElClima Komunitatearen idazkaritza exekutibo gisa).

Víctor Viñuales, ECODES zuzendariak ?#PorElClima Komunitatea ordezkatzen duen erakundea?, hauxe esan du: «Klima-aldaketaren aurka borrokatzea gure belaunaldiaren lana da. Egin dezakegu eta badakigu nola egin, baina aktore ekonomiko guztien energiak mugiarazi behar dira, erakunde guztienak, pertsona guztienak. Energia horiek guztiak mugiarazteko orduan, Administrazio Publikoen eredugarritasuna funtsezkoa da. Arrazoi hori dela medio, Eusko Jaurlaritzaren rola azpimarratu nahi dugu; izan ere, #PorElClima Komunitatean sartu da euskal gizartea animatzeko klima-aldaketaren aurkako borroka azkar dezan».

Ekitaldia amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak aipatutako ekimenarekin bat egin duela egiaztatzen duen diploma eman diote Iñigo Urkullu lehendakariari. Atxikimendu hori iragan iraileko Gobernu-kontseiluan formalizatu zen. Lehendakariak Ecodesen zuzendariari eskerrak eman dizkio jasotako aitorpenagatik eta berriro adierazi du exekutiboaren konpromisoa dela «plangintza publikoan klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko neurriak integratzea; eta Administrazioaren ekintza eredu-emailea eta koordinatua bultzatzea, karbono gutxiko gizarte baterako eraldaketa lortzeko».

Horrez gain, adierazi du berotegi-efektuko gasen isurpenak murrizteko berrikuntza eta garapen teknologikoa sostengatzen dituela, eta, era berean, gogorarazi du «arintze- eta egokitze-ekintzetan euskal eragile guztien erantzunkidetasuna errazteko» dagoen beharra.

Honako hauek dira aitorpena jaso duten enpresak:

1. A&B LABORATORIOS
2. ACLIMA, BASQUE ENVIRONMENT CLUSTER
3. CEMENTOS LEMONA
4. CEMENTOS REZOLA
5. DEYDESA 2000
6. DYMAN INGENIERIA
7. ECOTRES R
8. EROSKI
9. EUSKATEL
10. FACTOR CO2
11. FCC ÁMBITO
12. FERROVIAL SERVICIOS
13. IK INGENIERÍA
14. INDUMETAL RECYCLING
15. IRISENS
16. MIRANDAOLA
17. ONDOAN, KOOP.S.
18. ORMAZABAL CORPORATE TECHNOLOGY
19. SADER
20. SIEMENS GAMESA
21. TECEXSA
22. TECNIMAP
23. TRADEBE
24. ZABALGARBI
25. ZICLA

Este contenido es una Historia #PorElClima, encuentra más historias en: Historias